2013(e)ko martxoaren 10(a), igandea

ALTSASU, EUSKALDUNA?




Blogari hasiera emateko gaiak pentsatzen ari nintzela, aproposa iruditu zitzaidan lehenengo sarrera Altsasun euskarak bizi duen egoeraz hitz egitea, nire egunerokotasunarekin lotura estua duelako eta gai honen inguruko hainbat aspektu oso esanguratsuak direla uste dudalako.

Lehenik eta behin, gustatuko litzaidake Altsasuko euskalkiari aipamen labur bat egitea. Altsasuko hizkera  zubi-euskalki bezala da ezaguna, aldaera desberdinen ezaugarriak biltzen dituelako. Horretaz landa, berezkoak dituen ezaugarriak ere baditu, bai sintaktikoki, bai lexikoki, baita aditzari dagokionez ere. Hala ere, jadanik ez du hiztunik, generazioetan barrena bere erabilera agortu egin da. Galera hori justifikatu nahian, herritar askok maiz esaten dute frankismoak herria gogor jo zuela, eta pentsaezina zela euskaraz jardutea. Beste batzuek errua duela hamarkada batzuk iritsitako etorkinei botatzen diete, esanez herri barruko harremanak asko erdaldundu zirela haiek etorri zirenetik. Nire ustez, sasi-argudio horiek ez dute inondik inora euskalkiaren galera justifikatzen. Frankismoaren eragina , gehiago edo gutxiago, euskal lurralde osoan pairatu zen, eta horrek ez zuen halabeharrez euskalkien galerarik ekarri. Gainera, hobena kanpokoei botatzea aitzakia oso merkea iruditzen zait. Gal ahal daiteke euskalki bat berau erabiltzen dutenen artean erabiltzen bada? 


 



                                                                                                         
Arazoa gure birraitonen generazioan hasi zen. Generazio horretan hasi zen euskararen erabilerarekiko mentalitatea aldatzen. Belaunaldi horrek bere gurasoengandik euskalkiaren lekukoa jaso zuen, baina lekuko hori kasu gehienetan ez zen iritsi gure aiton-amonen gizaldira. Mentalitate aldaketa horrek herriko giroa nabari erdaldundu zuen, eta kasu askotan euskararen erabilera, eta noski, euskalkiarena alde batera utzi zen. Bazeuden kasuak non gurasoek hemengo euskalkia jakinda alaba batek euskalkiaz mintzatzen bazekien eta besteak ez. Nire ustez, puntu honetantxe dago egungo egoeraren aitzindari zuzena.

Euskarak Altsasun azken urteotan izandako bilakaerari dagokionez, esan daiteke euskaldunon kopuruak gora egin duela: 1990ean biztanleriaren %13,5ak zekien euskaraz mintzatzen;  azken 20 urteetan kopuruak %12 inguruko igoera izan du, biztanleriaren %25a da euskalduna. Hortaz, gorakada benetan handia izan da, eta nabaria izan da Iñigo Haritza Ikastolak zein euskararen aldeko kolektibo desberdinek (AEK, Altsasuko Kima Euskara Taldea...)  egindako ahalegina.

Baina egungo egoera ez da dirudien bezain positiboa. Are gehiago, esango nuke egoera larritzeko modukoa dela. Honako datu honek ezin hobeki islatzen du egun Altsasuko karriketan euskarak bizi duen egoera: 1990ean euskararen kale-erabilera %5,3 zelarik, egungo kale-erabilera %8,5ekoa da. Hau da, azken 20 urteetan euskararen kale-erabilerak %3ko igoera izan du. Zein da arazoa? Euskaldunen kopuruak %12ko igoera izan duen arren kale erabileraren igoera oso eskasa izan dela (%3 inguru). Eta noski, biztanleriaren %25a euskalduna izaki soilik %8,5ak erabiltzen duela egunerokotasunean.


 



Esandakoa esanda, garbi baino garbiago dago jendeak euskara jakinda ez duela erabiltzen. Eta orduan denoi galdera berdina datorkigu burura: ZERGATIK? Galdera horri erantzuterakoan ohikoena giltzarria ohitura faltan dagoela esatea da, alegia, jende askok ez duela euskaraz hitz egiten gurasoek, bikoteak, lagunek euskaraz ez dakitelako, eta orduan erdaraz egitea ohitura bilakatzen delako. Dena den, niri erantzun hori hankamotza iruditzen zait, ohitura falta ez delako nahikoa euskaldunen artean euskaraz ez jarduteko. Edo, behintzat, ohitura falta horren atzean sakonagoa den zerbait dagoela uste dut, ohitura falta hori sorrarazten duena.

Nire aburuz, jendeak ez daki euskaraz bere sentimenduak transmititzen, egunerokotasunean bere emozioak plazaratzeko erdara erabiltzen du. Horretan datza lehentxeago aipatu dudan sakoneko arrazoi hori. Jendea gai da euskaraz hitz egiteko, baina erdarak ematen dion espresibitate gaitasunik ez du euskarak. Oso hedatuta daude “euskarak ez du balio haserrealdi batean pentsatzen duzuna adierazteko” edota “euskarazko biraoek ez dute gaztelaniazkoek duten gogortasunik” bezalako esaldiak, eta oso ongi islatzen dute arestian esan dudana. Bai, badakit esan dudana esatea oso erraza dela, eta familia erdalduna izanda euskaraz zure emozioak transmititzea ez dela horren erraza, egunerokotasunaren oinarririk ez dagoelako. Baina lerro pare bat lehenago aipatutako esaldiak familia euskaldunekoak diren pertsonek ere esanak dira.

Behin hori esanda, adinaren arabera  egiten den erabileraren inguruan badaude atentzioa deitzen didaten zenbait aspektu. Alde batetik, oso esanguratsua deritzot gazteen erdiak baino gehiagok euskara jakinda soilik %6,4ak erabiltzen duela. Egia da hirugarren adineko biztanleek are eta gutxiago erabiltzen dutela euskara, baina horren arrazoia oso sinplea da: oso gutxik dakite euskaraz mintzatzen. Euskaraz dakien adin tarterik nagusiena gazteena da, eta hala ere erabilerari dagokionez hirugarrena da, ume eta helduen atzetik eta agureen aurretik. Bestalde, arreta deitu dit ikusteak solasaldietan umeak badaude euskaraz gehiago hitz egiten dela: umeek parte hartzen ez duten solasaldien %5a euskaraz izanda, umeek parte hartuta kopuru horrek %13 ingurura egiten du gora. %8ko igoera. Gainera, matrikulazioen %75ak D ereduari dagozkio. Azken bi datu horiek garbi adierazten dute  umeen etorkizuna euskalduna izatea nahi dela. Agian jadanik gure generazioek zer eginik ez dutela pentsatzen dutelako, eta hurrengo generazioek aurrekoek egindako arazoak errepika ez ditzaten nahi delako. 

 Nik uste dudana zera da, konponbidearen gakoa hezkuntzan dagoela. Hezkuntza zentroek gai izan behar dute euskaraz espresatzen gai izango diren pertsonak sortzeko. Horretarako, egituraketa sakon bat egin beharko da, egun euskararen inguruan egiten denetik haratago joango dena. Txiki txikitatik haurrei irakatsi behar zaie euskara erdara bezain baliozkoa dela sentimenduak eta egunerokotasunaren parte diren sentsazioak adierazteko.Uste dut soilik horrela lortu ahal dela epe ertainean Altsasuko karrikak euskaraz betetzea. 
 
Azkenik, eta izenburuan dagoen galderari erantzunez, uste dut Altsasuko herria EZ dela euskalduna. Eta “euskaldun” hitzarekin ez dut esan nahi euskal herritar sentitzea, baizik eta euskara jakin, eta beronez mintzatzea. Aldarrikapenak egiterakoan ahoa euskarazko esaldiekin betetzen dugu, harrotasunez, gailentasun sentsazio batekin.“Euskaraz bizi nahi dut” esaten dugu, eta hori aldarrikatzeko badirudi mendiak mugitzeko gai garela. Baina egunerokotasunean, hizkuntza baten biziraupena benetan sustatzen denean (are gehiago hizkuntza gutxitu batez ari bagara), labankada sartzen diogu euskarari.  Eta ez dut artikulu hau amaitu nahi esan gabe nik ere erdaraz ugaritan egiten dudala; familia kenduta herrian ditudan gainontzeko harremanekin erdaraz egiten dut.

Behin erruduntasuna nork bere gain hartuta, konponbideak bilatu behar ditugu. Benetako konponbideak, hezkuntza oinarri izanen dutenak.  

iruzkinik ez: